XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gertatu zaioke horrelakorik gure irakasleari, eta menturaz gehienik, beti nabari zitzaion apologetikarako edo polemikarako, hots, eztabaidarako isuria.

Dena dela, Baionako Seminarioan zuten oratu Ithorroztar apezgai gaztearen izpiritua; Saint-Pierre-k zuen, alde batetik, euskaltzaletasunera erakarri; Mathieu-k zizkion, bere aldetik, teologi eta filosofi bideak zabaldu.

Handik ateratzean, bere lehen euskarazko lanak igorri zizkiolarik Euskalzaleen Biltzarra-ri, Jean Etchepare lehendakariaren begi zorrotzak berehala sumatu zuen dena zuhurradia eta gertakarien begiztazale paregabe bezala zetorkiola idazle berria.

Bere zuhurradia horrek eta bere gertakarien begiztatze goseak egin zuketen, Mathieu irakaslearen eskutik, Aristotele eta Tomas Akinokoaren ikasle eta jarraitzaile.

Berak zioenez, hazpandar apezpiku zenak zion, alabaina, pentsatzen erakutsi.

Billot kardinalearen urratsetan ibilirik Erroman, eta Mercier kardinalearen ikasle egonik Louvainan, Luis XIII. eta Pio X. aita sainduek bultzatu-berri zuten Tomismoa ongi ezagutzen zuen Klement Mathieu irakasleak.

Irakasle hori ezagutu ez dutenek badute irakurgai, apezpiku zenaren obretan, hitzaldi bat bederen, Tolosako San Cernin-en elizan eman zuena, 1937ko martxoaren 8an, San Tomas-en ohoretan.

Eta hortik argi nabari da, bere luze, zabal eta sakonean ikertua zuela hizlariak San Tomas-en katixima; ez bait ditu bakarrik aipatzen haren solas porroska zenbait askok egin ditzakeen bezala, baina bai zehazten haren xede nagusiak beren sustrai eta helburuekin.

Lafittek Izaitearen filosofia deitzen duen San Tomas-en Aristotelismo hori hilemorfismoa, hau da materia eta ideia biak batean hartzen dituen teoria dela, gauza jakina da.

Horregatik ditu Uztaritzeko irakasleak Mathieu bere maisuak bezala filosofia bakun eta bakunegi diren guztiak gaitzesten: Materialismoa, lehenik, eta gure F. Krutwig, J. Madariaga, Haranburu-Altuna eta beste askok Euskal Herrian modan jarri nahi izan diguten Marxismoa, bereziki.

Idealismoa, gero.

Bai aspaldiko Platon-en hura, baita Kant eta honen umeen berriagoa.

Alderantziz, nola ez ditu goresten Gotzon Garate eta Jose Azurmendi, alde batetik, eta Auguste Etcheverry, bestetik, ikuspegi oker horien kritikari zorrotz eta zehatz agertzen direlako.